Eta oraintxe irratiko iritzi-emale bilakatu naiz. Interneten denetarik esaten den garai honetan, izango al dut nik zerbait interesgarririk kontatzeko?
Internet aipatu dudala... duela gutxi hurrengoa komentatu zidaten: “Ba al dakizu zenbat irabazten duen Kilye Jennerrek?” Nik zenbatekoa galdetu beharrean, “Zeinek???” galdetu nuen. “Ba, influencer bat. Interneten guztiz arrakastatsua da”.
Barkatu, baina sekula ez dut ulertu fenomeno hori. Uler dezaket, bere gaian aditua den norbaitek, bideoblog delako bat sortzea youtuben adibidez, denok bere bideo interresgarriak ikustea eta besteegan eragin hori sortzea.
Baina, Dulceida, el Rubius edota ultraeskuindar habinbat pertsonaia ere badago sarean... Hauek influencerrak izan aurretik ez dute beste ibilbiderik. Edozein gaiaz aritzen dira inongo arrazoi eta argudio sendorik gabe, eta batzuek feminismoaren aurka edota mezu xenofoboak jaurtiz. Behin lagun bati esan nion El Rubiusek halako grazia egiten zidala. “Ea zure alabak eredutzat hartzen duenean berdina pentsatzen duzun” erantzun zidan. Iritzia erabat aldatu nuen.
Badu bere lana bideoak grabatu, editatu, sareetan jartzea... Baina hortik milaka edo miloika jarraitzaile sutsu izatea beren edozein doktrina gurtzen... Horrela sustatzen dira gero txertoen aurkako mugimenduak, terraplanismoa, (bai bai, terraplanismo esan dut) eta halako moda originalak.
Orduan, nor demontre da Killey Jenner? Kardashianen ahizpa txikiena. Milloi bat dólar instagramen jartzen duen iragarki bakoitzeko. Banoa azkar nere influencer berri honen azken aholkuak entzutera. Agian ni ere influencer ospetsu izango naiz egunen batean? Lasai, irratiko tartetxo honetan neurria ematearekin, pozik.