Manifestu baten lerroburuak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2023ko mai. 8a, 18:16

Yasnaya Elena Aguilar Gil-ek “Ää: manifiestos sobre la diversidad lingüística” liburuaren edizio berria aurkertu zuen Euskal Herrian eta ekitaldian eman zuen hitzaldi mamitsutik bortz titular ekarriko dizkizuet, zuen esku hortik abiatuta gurerako irakurketak eta, batez ere, proposamenak egitea.
Lehenik eta behin, markoa argi utzi zuen: Mexikon 12 hizkuntza familia daude, horien artean bertakoak dira 11 hizkuntza familia eta bakarra da indoeuroparra; hala eta guztiz ere, familia indoeuroparreko hizkuntzetako bat da hegemonikoa, koloniak inposatutakoa. Gero, gogora ekarri zuen Mexikoko estatua sortu zenean populazioaren %70 hizkuntza indigena bateko hiztuna zela eta, aldiz, gaur egun %6,1. Beraz, kolonialismoaz gain estatuari leporatzeko franko zuen. Ekonomikoki erreparatuta ere, erran zuen estuarentzat "garestiagoa dela errealitate eleaniztunaren kontra borrokatzea, integratzea baino. Galdetu bertzenaz, Mexikoko Estatuari, sortu zenentik, zenbat diru inbertitu duen elebakarrak sortzeko" zioen. 
Bigarren titularra: hiztunek giza eskubideak gorpuzten dituzten bezala, hizkuntza-eskubideak giza eskubideen hari eroaleak dira. Gure testuinguan, erran zuen, ezin da demokraziaz aritu elebakartasunetik. Nik diot gurean ere hiztunenengan arreta paratzea, zorionez, geroz eta ohikoagoa dela. Izan ere, hizkuntza zapalkuntzaz gain bertzelako hegemonia eta indarkerien gurutzaketa edo nahasketa da hiztunok gorpuzten duguna. Aldi berean, etengabe, gainera.
Jarraian, etorkizunari begira jarri zen. Bere ustez, "hizkuntza-aniztasuna galtzen jarraitzen badugu gizakiaren mundu ikuskera geroz eta murritzagoa izango da". Hau da, munduari begiratzeko, mundua ulertzeko eta, funtsean, munduan egon eta izateko moduak galdu ahala pobreagoak izanen gara, ikuspegi geroz eta hertsiagoa izanen dugulako. Horri bueltaka ari ginelarik 7 hitz bota zizkigun: mundu justuago bat ezin da elebakarra izan. 
Bukatzeko, esperantza eta borroka ezinbertzean lotu eta errainu batzuk sartuarazi zituen gelan. "Herri indigenetan baditugu egungo hainbat krisiri aurre egiteko gakoak: adibidez, gizakiak naturaren parte izatea (elikadura, osasungintza edo sinismenen ikuspegitik) edo mendebaldekoak ez diren familia-ereduei, alegia eredu kolektiboagoei, eustea. Sinplea dirudi, ezta?
Mixea da bere hizkuntza eta hiru baldintza jarri zituen mahai gainean hizkuntzaren biziberritze lanerako: hizkuntzaren biziberritzea lurraldearen defentsarekin lotzea, hiztuna ez den jendearekin aliantza sendoak egitea eta komunitate-lana (estatu egituretatik kanpokoa) indartzea. 
Nire ustez, badago zer etxekotu. Entzule onari, ele gutxi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!