Urteberri berri, zer dakarrazu berri?

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2023ko urt. 9a, 17:58

Urteko bigarren astearen hasiera, behingoan, kanoniko etorri zaigu: ur goiena, hotza, errutinara marmarka bueltatzea... eta, nola ez, egin nahi ditugunen zerrenda berritzea, zeren aurten bai, aurten fijo baietz, ez da hala?

Ni zerrendazalea naiz, guztiz, mandatuak egiteko zerrendekin hasi eta irakurriko ez ditudan liburuen zerrendekin buka. Den-denak egin eta sistematikoki ekiten diot ez betetzeari. Preseski, horretan ari nintzen urte berriari begira: zein helburu ditut euskarari dagokionez?
 
Gibelerat begiratu eta, egia erran, 2022 urtean euskaldun zintzoa izan naiz: Korrikan eta Euskaraldian parte hartu dut berriz ere, Ikasloli eta Errigorako kutxetako gutixiak etxetik dabiltza oraindik, euskararen aldeko ekimenen bazkidetzen dozena osatu dut, Durangoko uzta aspaldiko onena izan da... Horiek denak garrantzitsuak dira, baina urte berrirako erronka berriak behar ditut eta, hain zuzen ere, urak erakutsi dit bidea.

Afera da itokinak izan ditugula etxean eta jakinen duzue halakoak konpontzeko iturginaz gain behar-beharrezkoak direla hamaika azalpen, formulario eta tramite. Hala ere, penitentzian ez naiz bakarrik aritu, barride edo bizilagunak ere aritu behar izan du berbera egiten, urak biontzako baitzekarren entretenimendua. Eta, hara non, ezusteko eta gogoz kontrako aliantza horrek poz txiki bat ekarri didan. Frustrazioaren erdian trukatu dugu elkarri buruzko informazioa, alegia elkar ezagutu dugu, neurrian badaezpada, eta onartu behar izan ditugu ezustekoei aurre egiteko ditugun modu guztiz desberdinak gure aliantzari eutsi ahal izateko. Badakit ez duzula ulertuko zein den honen lotura urte berrirako asmoekin, baina zaude, badator. Itokina konpondu eta paper kontuekin bukatzeko enegarren eta azken deia egin genuenean barrideak eta nik ez genuen jakin nola ospatu, kontent baginen ere, absurdoa zelako gehiegi poztea. Azken finean, tramite korapilotsu bat bertzerik ez zen. Gainera, bagenekien eraiki berri genuen harremana inprobablea bezain hauskorra zela eta, beraz, tramiteak bukatzearekin batera akabo, ezerezera bueltatuko zela gure harremana. 

Baina (ezin "baina"-rik gabe kontakizuna bukatu) afera da ordutik, barridearekin topo egiten dudan bakoitzean, "egun on" edo "agur" erraten didala orain arteko "buenos días" eta "adios"-en ordez. Hau da, dozena erdi hitz eman dizkio euskarari, idazle handi batek erranen lukeen moduan, eta nik jaso dut mezua: "sei hitz hurbilago nago zugandik, txanda". 

Orain ez dakit nola erantzun, baina badakit zerrendako lehendabiziko postua honi dagokiola. Berak hizkuntzarekin, euskararekin, egin duen sokazko zubi gainetik itzuliko natzaio, ekilibrismoan, adibidez leihotik usaintzen ditudan janari bitxi horietakoren baten errezeta eskatzeko, urak bezala gutxien espero genuen tokitik elkarrenganako bidea egiteko. Akaso hori da kontua, finean, nahi duguna lortzeko eskatzea bezain eraginkorra izan daitekeela ematea edo konturatzea, erdibidera ailegatu nahi badugu, berdin busti behar dugula biok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!