Senti-penak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2022ko api. 4a, 18:02

Azken egun hauetan emozioak bor-bor izan ditugu eta zaila izanen da bizitakoak hitzez adierazten asmatzea, bainon saiatuko naiz. 

Batetik, Garabide Elkarteak antolatutako HIBIL ikastaroan munduko hamaika txokotako hizkuntza aktibistak izan ditugu Euskal Herrian hilabete pasatzen: maputxeak, guaraniak, kitxuak... eta ikastaroa bukatuta, joan den astean agur erran behar izan genien denei. Horretarako Garabidek bukaera ekitaldi hunkigarria antolatu zuen "Orriz orri, irriz irri, herriz herri" izenburupean.

Horri lekukoa hartu zion Korrikak eta hegazkina hartu aitzin aukera izan zuten gure eromen kolektibo zoragarri honetan parte hartzeko. Gu ere aritu ginen elurpean konten, korrontearen kontra aritzen ohituta gaude, baina hitzekin lotu gintzaion metaforari.

Hori gutti balitz, munduko kuadrilla eder honek hegaldia baino ordu batzuk lehenago jaso zuen azken sorpresa: aunitzek lehendabiziko aldiz zapaldu zuten elurra. Pelikuletan agertzen zen zuritasun hori ukitu zuten, bizi. Pandemiagatik begiraden irakurketan iaioak bagara ere ezin dizuet deskribatu begietan biltzen zuten emozio besta ederra.

Eta pasa da dena, badoaz airean hamaika hizkuntza eta bizipen, mundu zabalera. Gu, aldiz, hemen, hutsik bezain ase. Gogobeteta. Inoiz baino konbentzituago normalizazioaz, nahi dugun normalidadearen alde egiten, hitzekiten, jarraitu behar dugu egunero eta ez gaude bakarrik, lagun zoro zoragarriak ditugu munduan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!