Ispilu jolasa

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2022ko urt. 10a, 19:50

Urtea hasteko egin dezagun esperimentu txiki bat: pentsatu miresten duzun pertsona batengan eta pentsatu, baita ere, zergatik miresten duzun, eman pertsona horren 3 ezaugarri miresgarri, adibidez. Ahal baduzu, egin ariketa taldean, baina ahoz erran beharrean idatzi erantzunak papertxo batean motz-motz: paperaren alde batean izena eta kontrakoan ezaugarriak. Ez dut zure erantzuna sobera baldintzatu nahi, baina izan daiteke fantasiazko zein erreal, hildako norbait edo bizirik dagoena, ezagutzen duzuna edo ospetsua bertzerik ez dena. Kitto? Altxatu, hau da, gorde paperak multzo batean.

 

Ez dugu bukatu. Eutsi taldeari eta pentsatu ezazuezuen auzo, herri edo inguru hurbilean egin duen ekarpenagatik miresten duzuen norbaitengan.Idatzi bertze paper pusketa batean zergatik miresten duzuen, bakarka berriz ere, izena aldi batean eta miresten dituzun ezaugarriak bertzean. Bigarren paper multzoa.Errepikatu ariketa hirugarren aldiz (lasai, azkena da), baina oraingoan pentsatu egin duen lanagatik miresten duzun norbaitengan. Esperimentua egiaz egin nahi baduzu ez aditu hemendik aitzin erranen dudana, SPOILER alerta!

 

Bukatzen duzuenean irakurri paperak banan-banan talde osoaren aitzinean, anonimotasuna gorde nahi baduzue paperak nahastuta, ez dezazuen jakin zein den norena.Taldekide guztiendako hor akituko da ariketa, baina esperimentua zuk proposatu duzunez plusa eramanen duzu trukean paper zatitxoekin batera.

 

Aztertu erantzunak. Lehendabizi, paratu buruz goiti papertxoak izenen aldetik eta begiratu ongi: izen horiek partekatzen al dute ezaugarririk? Erreparatu, adibidez, jatorri, sexu, adin, klase sozial edo arrazari. Eta badago alderik hiru multzoen artean edo denetan izen iduritsuak ageri dira? Orain eman buelta papertxoei eta miresten dituzuen ezaugarrien inguruan galdera berbera erantzuteaz gain saiatu gero ikuspuntua aldatzen, disekzioan harago joaten: pentsatu ezaugarri horiek, gehienetan, nork izaten dituen.

 

Nire hipotesia da sorpresa bat baino gehiago hartuko duzula esperimentu hau egiterakoan. Kasu, papera alde biko aizto izan daiteke. Guttiengozale garen arren zitala baita arraina maitatzea uretatik kanpo bizirauteko duen gaitasunagatik, izena eta izena batu nahi baditugu, segurik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!