Basatien basoa

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2021ko eka. 14a, 18:09

Joan den ortziralean ospatu zen HIGA edo hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa. Bertze behin ere aurrez aurrekoa behar zuena online formatura moldatu behar izan zen eta, kasu honetan, maistraki edo maisuki, lortu zuten antolatzaileek. Elkartze fisikorik ezin egin eta aurtengoan proiektu leihaketa egin zutenez sariak banatu zituzten duela hiru egun. Denen berri ezin eman, bainon irabazle izan ziren Miren Ruiz euskaldunaren eta Arawi kichwaren hitzartzetik hiru aipu ekarri nahi ditut honat.

Lehendabizi, hasi ziren erraten: "gaur egun munduan hizkuntza gutxituen arteko elkarlanerako premia handia dago eta hori izan da gure lanaren abiapuntua". Kitxua baten eta euskaldun baten elkarrizketa luze eta mamitsuetatik sortu omen zen proiektua.

Bigarrenik, azken aldian ugaltzen ari zaigun uztarketa ekarri zuten oholtzara, klima aldaketa eta hizkuntza gutxituak gurutzatzen dituena, alegia. Hitzez hitz, erran zuten: "gure hizkuntzek naturarekin erlazionatzeko duten moduari balioa eman nahi izan diogu".

Hirugarrenik, "basatzera animatu" gintuzten, "basa" hitzari lotutako erranahi eta konnotazioak bildu zituzten, bai kitxuaz, baita euskaraz ere eta basa hitzaz birjabetu behar dugula ondorioztatu zuten. Hau da, hizkuntza basatien basoa zaindu.

Hiru aipu labur pandemia garaiko bigarren udaren bezperan. Laugarrena gehituko diot, Mexikoko nawat hizkuntzatik indigenen lurren aldeko borrokalari nekaezina den Bonifacio Iturbidek ekarri ziguna: "finean, kontua ez da nolako lurra uzten diegun gure seme-alabei, baizik eta nolako seme-alabak uzten dizkiogun gure lurrari".

Akitzeko, nik oina emanen dizuet: Laba, HIGA, Basa...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!