Arrarotasun berria

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2020ko api. 27a, 15:49

Joan den astean medikuarenera joan behar izan nuen, ospitalera. Hasteko, ez dut aski hitzik zerbitzu publikoak loratzeko, tartean osasungintza zenbateraino beharrezkoa dugun azaltzeko, ezta bertan lan egiten dutenen baldintzak zenbat hobetu behar ditugun zerrendatzeko ere. Auzo lotsak eta harrotasunak bat egin zuten bat-batean; auzo lotsa gizarteko kide naizen heinean osasungintzan lanean ari direnen baldintzak muturreko egoera batean are muturrekoago egiteagatik, edo bederen are muturrekoago izan ez zitezen aski ez egiteagatik. Harrotasuna, langile horiek beti aurkitzen dutelako zirrikitua ezintasunen artean. Beraz, arrarotasun berrira ohitzen ari garen honetan beti bezala tratatu ninduten, ederki. Dena den, bukaerako esaldi pareak zur eta lur utzi ninduten. Bukatu ondotik erizainak, adineko emakume batek, eskua laztandu eta erran zidan: "Arras ongi portatu zara. Zeinen ausarta zaren!" gaztelera batuan, doike. Etxera bidean, seguruenik hori erran eta gero pegatinarik eman ez zidalako muturtuta, galderak katramilatu zitzaizkidan: gogo onenetik arituta ere zergatik sentitu zuen beharra ni 5 urte banitu bezala tratatzeko? Itxarongelako gizonkotea berdin tratatu zuen gero? Eta bera balitz gizonezkoa? Edo gaztea? Zer gehiago izkutatzen du jarrera horrek? Nola deseraiki? Pandemia honen erdian badira arrarotasun batzuk berriak ez direnak eta akaso normaltasuna ere, funtsean, betiko berbera da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!