Ezin etxean gelditu

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2020ko mar. 23a, 17:08

Garai honetan zaila da etxean gelditzea, bainon aunitzez ere zailagoa da etxean ezin gelditzea. Bertze behin ere agerian uzten digu sistema honek gutxiengoaren gaitz haundienak gehiengoaren amets direla, xamur errateko. Ez dago hain urrun joan beharrik, bainon ni hizkuntza lankidetzan bidelagun ditugun komunitateen kasuaz ari natzaizue solasean: Mexikoko yukatango maiak, Ekuadorreko kitxuak edo maputxeak, adibidez. Gordin erran zidaten: berrogeialdia pribilegioa da. Eta, hala da, egunean egunekoa irabazten duenarentzako etxean gelditzea ez baita biziraupenaren berme. Orduan bertze zentzu bat hartu zuten berrogeialdian loditzeaz irri egiten zuten bideo eta memeek, supermerkatuetako neurrigabeko erosketek eta baita balkoietako kirolari edo musikariek ere. Kasu, ez naiz heldu inor salatzera, baizik eta izuak eta ardurak non ditugun hausnartzera. Etxealdia "aprobetxatzeko" egarri aseezin honetan buru-belarri gauden bitartean, gerraren diskurtsoa inposatu digutelarik, orain jeikitzean ari den munduaren zatian gehiago dira balaz edo bertzelako indarkeriaz hildakoak arnas faltaz joandakoak baino. Eta, bai, hau hasi bertzerik ez da egin.  Horra gure kaiola.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!