Leihoak mundura, mundu oso bat etxean

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2019ko abe. 16a, 15:38

Nafarroako estreinaldi bira egiten ari da “Wayé” dokumentala Baztanen, Bortzirietan
eta Barañainen. Mexikoko yukatango maia hizkuntza gutxituaren biziberritzea
erakusten du ikus-entzunezkoak eta proiekzioen ondotik solasaldiak egiten dira
herrietako eragileekin elkarlanean. Eguraldiagatik alarma guztiak piztuta zeuden
egunean 25 pertsona bildu ziren joan den ortziral arratsean Berara eta klima berezia
sortu zen Beralandeta aretoan. Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren aldeko
aktibistek beraien borrokak eta ametsak plazaratu dituzte ordu erdiko ikus-
entzunezkoan eta publiko gisa etorri zirenek ispilu bat ikusi zuten pantailan. Batek
erran zuen diskriminazio berbera jasana zutela beraiek euskaraz solasteagatik,
bertzeak harritu zuela aktibista gehienak emakumeak izatea, bertze batek erran zuen
kosmobisioa eta hizkuntzak barnebiltzen duen guztiari erreparatu behar diogula,
protagonistetako batek bota zuen gure hizkuntzan ongi pasatzeko, zoriontsu izateko
eskubidea dugula... eta nik munduko klima larrialdiari hizkuntza larrialdia gehitu nion.
Bainon txanpon guziek bi alde dituzte eta zapalkuntza prozesuetan patroiak
identifikatzen hasten diren bezala biziberritze edo ahalduntze prozesuetan ere
elkarrengandik ikasteko bidea ikustea arras polita da. Energiaz betetzen du pantaila
bat izanagatik ere ispiluaren bi aldeak hunkituta, sinetsita, ekiteko gogoz ikustea. Eta
solasaldian aitzina egin ahala hizkuntza identitatearekin lotzea, naturarekin,
bizimoduarekin, globalizazioarekin, generoarekin, bertze zapalkuntzekin... finean,
garen guztiarekin. Hizkuntza bakoitza munduari begiratzeko modu bat ez, munduan
izateko modu bat baita, horra gure aberastasuna eta indarra.

Heldu den asteazkenean, abenduaren 18an, izanen da Nafarroako birako azken
proiekzioa Barañainen, eguerdiko 12:30etan izanen da Udaletxeko erabilera anitzeko
aretoan. Udaleko euskara arloak Alaitz Institutuko DBH 3. eta 4. mailako ikasleak
gonbidatu ditu saiora, bainon trankil, zu ere ongietorria zara dena zalantzan jartzera,
"Waye" eta orain, euskaraz bizi nahi dugulako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!