Ogitarteko bat eskatu dut, edalontzi bat ur hartu eta eguerdiko eguzki izpi goxoen bila atera naiz taberna atarira. Hamaiketako egiten dudan bitartean ingurura begira jarri naiz.
Ondoko mahaian bikote bat dago oraindik eskolan hasi ez den haurrarekin jolasean. Beste mahain jubilatu talde bat, ondoan hiru neska eta atzeko mahaian, berriz, bikote bat solasean. Hoien denen tartean nago ni, bakarrik nagoen bakarra. Eta une honetan burura galdera bat datorkit… norekin egiten ditugu planak? Bakarrik, lagunekin edo bikotekidearekin?
Nekez egiten ditugu plan batzuk bakarrik. Nor joan da inoiz kontzertu batera bakarrik? Edo joan al zara sekula mobilizazio batera zu bakarrik?
Badira beste plan batzuk, bikotekidearekin egin beharrekoak, hala esan digute behintzat. Ametsetako Tailandiarako bidaia? Bikotekidearekin joatekoa, eta haurra izanez gero? Tira, hirurak joateko aukera ere badago, “de motxileo” gainera. Aspaldidanik joan nahi duzun jatetxe `chic´ hori? Bikotekideak lagunduko zaitu plan berezi horretara. Edo zinemara joan nahi duzula? Ba umorezko edo beldurrezko filma izanezkero lagunekin joan zaitezke, baina pelikula erromantikoa baldin bada, bikotekidearen konpañia izango da hoberena.
Bikotea konpañia zoragarria izan daiteke, zalantzarik gabe, baina une batez begiratu zure ingurura. Ziur nago egongo dela lagunen bat zurekin plan bat egiteko irrikitan. Edo zergatik ez? Gaur mendira edo zinemara bakarrik joateko egun zoragarria duzu.