Pasa den astean Europar parlamentuak atzeraka pauso handi bat eman zuen natura eta nekazal lurren kalitatea babesten duten neurrien aurka bozkatuz. Nekazal politika bateratuak zituen ingurumena babesteko baldintzak ezabazeko bidea ireki dute. Baldintza hauek nekazariei lurzorua babestera, lurraren portzentai txiki bat naturari itzultzera, eta landaketen txandakatzera behartzen zieten. Hauek guztiak bertan behera gelditu dira, Europa guztiko nekazal lurrak, eta batez ere nekazari txikiak arriskuan jarriz.
Izan ere, atzera pausu hauek, nekazaritza industriala sustatzen duten enpresen epe motzeko interes ekonomikoei baino ez ditete erantzuten. Ez dugu ahantzi behar lehorteak eta uholdeak gero eta larriagaoak izanen direla, eta horrelako muturreko fenomenoak jada, kalte handiak eragiten ari direla nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan.
Pasa den asteburuan, Iruñean bildu ziren Nafarroako ekoizle txikiak eta hauei babesa eman nahi zioten hainbat eragile ere bai. Manifestaldi honetan, ez ziren zein baino zein traktore handiagoak ageri, indar erakustaldi betean. Lurra menderatzeko botere erakusle. Kasu honetan hainbat aitzur ikusi genituen. Lurrarekiko lotura hurbilaren adierazle. Nekazari ttiki hauen aldarriak argiak ziren: elikadura burujabetza, transizio agroekologikoa, nekazarientzako bizi duinak, landa eremu bizi eta bizigarri bat. Eta hauek ere argi adierazi zituzten: Makrogranjei ez, pestizidei ez, agroindustriari ez. Elikadura ez delako merkantzia bat baizik eta eskubide bat.