2023an, estatistika guztiak lehertu ditugu eta planetaren mugetatik sei igaro ditugu, baina, hala ere, planeta berotzen jarraitzen dugu giza, material- eta ingurumen-kostu onartezinarekin. Ekosistemak berreskuratzeko eta beharrezko transizio ekosozialerako egin behar diren inbertsioak atzeratzeak kostu eta sufrimendu handiagoa baino ez du sortuko.
Datorren urtean ere estatistikak hausten jarraituko dugulakoan nago. Baina, agian, atmosferan pilatutako CO2 kopuruan errekor berria lortu beharrean, Nafarroan, erregai fosilekiko dugun dependentzia eta kontsumoa jaistea lortuko dugu. Agian, ikuiluetan pilaturik ditugun zerri kopuruetan errekor berriak lortu beharrean, inoiz baino gazte gehiago instalatuko dira nekazaritza eta abeltzaintza eredu agroekologikoan. Agian, kotxearekiko menpekotasuna sustatzen duten proiektuak beharrean, garraio publikoan inoiz izan den sare sendoenerako bidean jarriko gara. Agian, 2024ko abenduan errazagoa izanen zaigu etorkizun bizigarri eta desiragarriak imaginatzea hasitako bide eraldatzaileari esker.