Euskara zuhaitza da, euskara harri hustua da, metafisika da, mendeak, hosto bat mugitzen duen aire xuxurla da. Euskara kajoi itxia da, gaua da, sua da, soinu bat buklean. Basamortua, ahanztura da, memoria da, jendez betetako kalea da. Mendeak. Zuk nahi duzuna da. Baserria da, gela zuria, animalia basatia uluka da. Dena da, eta ezer ez. Euskara isiltasuna da. Desagertuak, izenik ez dutenak, frankismoaren errepide-bazterrak. Herria da, zure ahoa odoleztatua, zure ahoa musuz betea, bete gabeko promesak. Begiak dira. Nabarreriako iturria, Sarrigurengo kale bat, zure anaiak margotutako koadro bat horma hori batean. Beriain mendia da, zure azala eguzkitan. Euskara Oteiza da, sexua da, elkar maitatu dugun komunzulo publikoak dira, mendeak. Zure bir bir bir bir amatxi da, zure bir bir bir amatxi, zure bir bir amatxi, zure bir amatxi, zure amatxi. Euskara arrautza da, huts existentziala, deserrotzea, kolonbiar bat, afrikar bat, asiar bat, azal berdeko liburua, metafisika da, metafisika, metafisika, metafisika, mendeak eta medeak dira…