Pintxo goxoak doinu kubatarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Karrikaluze elkartea 2015ko ira. 12a, 12:55
Iazko arrakasta ikusirik, aurtengo euskaldunONasteko ostiralean ere pintxo lehiaketa antolatuta zegoen La Jodedera taldearen kontzertuarekin batera.

Arratsaldeko 19:00etarako lehenengo pintxoak jasotzen eta antolatzen hasi ginen eta 19:30erako plaza jendez betetzen hasi zen. Aurtengo edizioan 11 pintxok hartu dute parte eta haien arteko aniztasuna ere aipatzekoa da. Aurkezpenetan behintzat aurtengo pintxoek iazko maila gainditu dute. Barazkiak, haragia, gazta, opilak eta arrainak, jaki guztiek bat egin zuten atzoko pintxo eskaintzan.

Epaileek ez zuten lan erreza izan eta zorrotz aritu behar izan zuten: iazko irabazle Amaia Munarrizek Karrikaluzeko Goreti Etxepareren laguntzaz gain, gure sukaldari ofizial Txipi Kormenzana eta Basque Culinary Centereko ikasle den Irune Karrasko izan zituen ondoan.

Epaimahaiaren erabakiak, ordea, publikoak hartutakoarekin bat egin zuen atzo eta Itsaso Lopezek eta Eneko Villegasek egindako “Udazken lorea” pintxoa izan zen garaile.

Aparta izan zen atzo Atarrabiako Udaletxe plazan bizi genuen giroa. Izan ere, pintxo goxoak dastatzen genituen bitartean La Jodedera talde euskokubatarra izan genuen oholtzan eta harritzekoa bada ere, gure hanka eta gerriak dantzan jartzea lortu zuten gure kanten bertsio kubatarrekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!