Arratsaldeko 19:30erako megafonia, fokuak eta aulkiak prest daude Atarrabiako Udaletxe plazan. Ikusle batzuk ere aulkietan eseri dira, baina oraingoz ez da artistarik etorri.
Ikusleetako batek hartu du hitza. Pantxika du izena, sudurra gorria du eta Txantreakoa da baina gainean daramatzan lau maleta handiek erakusten dutenez, Benidormetik iritsi berri da. Antzerkia asko gustatzen zaio eta emanaldia ikustera geldituko da.
Pantxika urduri dago ez baita antzezlerik ageri eta hainbat galdera bota ditu airera: eta gutako inork eszenatokia hartu eta ikuskizun bat inprobisatuko balu? Gainerako ikusleei eskaini diezaiekegun zerbait egiten dakigu? Nor aterako da agertokira?
Bere bakarrizketa aztoratuan ikusleok bera hautatu dugula ulertu du, eta esfortzu handirik gabe atera da fokuen argitara. Soinu teknikariarekin pare bat kontu hitzartu eta emanaldia hasi du: globoflexia, dantza, akrobaziak eta umorea. Batez ere umorea. Hitz egiten hasi den unetik azken txalo zaparrada arte barrezka izan gaitu ikusle guztiak. Eta emanaldi osteko hizketaldiek agerikoa zena baieztatu dute: polit bezain dibertigarria izan da Pantxika Lamurrek euskaldunONasteko ostegun arratsaldean eskaini digun saioa.
Ez dakigu zein konpainiakoak diren huts egin diguten antzezleak, baina Pantxikari esker euskaldunONasteak aurrera egin du.