Zaintzea maitasun-ekintza bat da, baina baita gizarte-erantzukizun bat ere. Historikoki, emakumeek hartu dute beren gain zaintzaren ardura nagusia; besteak beste, seme-alabak haztea, adinekoak nahiz eriak zaintzea, etxeko lanak egitea eta inguruko pertsonen ongizatea bermatzea, betiere haienaren gainetik. Historikoki ez ezik, gaur egun ere indarrean jarraitzen duen errealitatea da hau, salbuespenak salbuespen.
Aunitzetan, lan horrek ikusezina izaten jarraitzen du, aitortu gabea, ekonomikoki baloratu gabea eta are: emakumeei berez esleitzen zaiena (batzuetan, baita emakumeak berak ere bere buruari).
Egun, gauzak aldatzen ari diren arren, oraindik ere emakumeek hartzen dute zaintza-lanen zama handiena. Zaintzea ez da soilik emakumeen betebeharra; gizarte osoaren konpromisoa izan behar du, guztion ardura baita, ez emakumeena bakarrik.
Zaintza bidezkoagoa, partekatuagoa eta aitortuagoa lortzea da benetako berdintasunerako bidea. Azken finean, zaintzak bizitza sostengatzen du, eta bizitza guztion ardura da.