Egon edo ezegon

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Orduña 2025eko urriaren 23a

Pasa den igandean milaka euskaltzalek Atarrabian egin genuen topo beste
behin, Nafarroa Oinez arrakastatsu batean. Euskararen aldeko hitzordurik
garrantzitsuenak babes masiboa jaso zuen bai sozialki, bai eta politikoki
ere. Harrigarria izan zen jai honetan laguntzen aritu zen jende kopurua,
boluntarioak, enpresak, organismoak eta talde politikoak.
“Keinu instituzionalak garrantzitsuak dira erakundeok egoerak eskatzen
duen mailan egon behar dugu, euskara bezalako ondasun amankomun bati
babesa agertzeko plus instituzional hori emanez” Ana Ollo Oinezen
inaugurazioan esandako esaldi honek are eta zentzu handiagoa hartzen du
egun honetan eta jai honetan. Alderdien aldetik partaidetza nabarmena
izan zen, poztekoa delarik hori, baina hala ere kale nabarmenak egon ziren
ere. Esparru aurrerakoiko talde politiko batzuei buruz ari naiz, bertan
ordezkaririk eduki ez zutenena edo ordezkaritza oso eskasa eduki
zutenena.
Nafarroa Oinezen parte hartu zuen masa soziala, bere gehiengoan egungo
Nafarroako Gobernua sostengatzen duen masa sozial bera da, eta hori,
gure politikariei ezin zaie ahaztu. Nafarroako herritarrei errespetu falta da
pentsatzea milaka pertsona batzen dituen jai bat ez doala zurekin, milaka
pertsona horiek direnean hain zuzen ere, zu boterean jarraitzea
ahalbidetzen dutenak.
Kezkagarria da Nafarroako lehen agintariak Nafarroa Oinezi buruz duen
ideia zein den pentsatzea edo euskararengatik eta euskararentzako egiten
den jai honetan ez agertzeko dituen arrazoiak, baina susmatzen dut
Faltzesen D eredua martxan ez jartzeko dituen arrazoietatik ez direla oso
ezberdinak, edo Alaitz Institutuari dagozkion lineak ez ezartzeko, Mañeru
eremu mistoan ez sartzeko, edo euskarazko murgiltze linguistikoaren
aurka doazen lege aginduak emateko. Oinezen parte hartu genuen milaka
lagunoi gauzak hauek min egiten digute, baina politika jakobinoak,
zentralistak eta euskarafobikoak jarduten dituzten alderdiei, beste alde
batera begira jarraitzen duten horiei, egunen batean hau guztia bueltan
itzuliko zaio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!