Pasa den asteburuan bi musika ekitaldi garrantzitsu egin ziren Euskal
Herrian, alde batetik kontzertu handi bat Bilboko BEC-en, bertan
euskal eszenako artista ugari elkartu zirelarik, abesti tradizionalek zein
gaur egungo abestiek duten indarra agerian jarriz; eta beste alde
batetik, Rozalén, Nafarroa Arena betez.
Bilboko emanaldian parte hartu zuten artisten artean, berez euskal
eszenakoak ez diren hiru talde-abeslari ikusteko aukera egon zen:
Celtas Cortos, Reincidentes eta Jorge Drexler. Hiru talde hauek eta
Rozalének, haiena izan ez arren berea egin duten hizkuntza bati
dioten estimua agertu zuten.
Sevilla, Valladolid, Uruguai eta Albacetekoak diren talde eta abeslari
hauek ez dute euskaraz abesteko inolako beharrik, baina hala ere,
hemengo pertsona eta talde askok agertzen ez duten
errekonozimendu eta maitasuna agertzen dute hauek. Pirinioen bi
aldeetan oso aspaldiko garaietatik hitz egiten den milurteko hizkuntza
bat inolako konplexurik gabe haiena egiten duten abeslariak dira.
Artista hauek euskaraz abesteko ziurrenik egin behar duten esfortzua
eskertzekoa da, eta aldi berean beste talde eta artistek mundura
irekita dagoen hizkuntza bat ezagutu, babestu eta maitatzeko bideari
jarrai diezaioten gonbidapena da.