Bere buruari sozialista esaten dion lehendakaria dugu Nafarroan, baina ez hark -ez haren gobernuak, ez haren bazkideek- ezer gutxi egiten dute etxebizitzarako eskubidea egiaz gauzagarria izan dadin denondako. Aste honetan emakume bat etxegabetu dute Antsoainen, emakume bat eta haren haurrak. Dozenaka lagun bildu ziren etxegabetzea galarazi eta familiari babesa erakutsi nahian. Foruzainak haien kontra oldartu ziren.
Etxebizitza egoki eta duin baterako eskubidea Espainiako Konstituzio sakratuan dago ezarria. Lege goren hori ukiezina eta aldaezina dela erakutsi digute sarri euskaldunoi, aldarrikapen politiko zilegi aunitzi egin zaio kontra lege hori astinduz esku batean eta borrak astinduz bestean. Bistan da, ordea, Konstituzioari lasai ederrean egiten ahal zaiola muzin, hala komeni bada, eta bistan da, era berean, “gure” poliziek espainolek bezain trebe astintzen ahal dituztela borrak oinarrizko eskubide sozial baten aldeko manifestarien kontra.
Alabak badu kamiseta bat inoiz lagunen batekin liskarra ekarri diona, daukan leloa dela eta: “Ez dut polizia izan nahi”. Karrikirin erosi zuen. Beste baten bila joan beharko dugu, eta hARITU Elkarlaguntza Sarearen ekimenetan lagundu, eta Aroztegiko auzian beren ibarra, beren etxea, defendatzeagatik auzipetutako zazpi baztandarren aldeko ekimenetan parte hartzen segitu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!