Teknokapitalismoak gerra behar du orain

Teknokapitalismoaren predikariek hasieratik sinetsarazi nahi izan ziguten teknologiak arazo guztiak zizkigula konponduko. Aurrerabide teknologikoek eta merkatu libreak langintza astunez askatu behar gintuzten, lanaldiak laburtu, guztion bizitzak hobetu, baita mundua bakebidean jarri ere. Promesa berberak egin zizkiguten globalizazioaren apezek. Eta, orain, holakoxe mundu-antolaeran bizi gara, zeinak ekartzen baitie (baitigu) gutxi batzuei onura eta aunitzi malura. Hain gaude gure sisteman murgilduak non ez zaizkigun harrigarriak iruditzen lantegietako gaueko lan-txandak, edo garraiolariek gauez ere lan egin beharra (4 kamioilari hilik berriki Nafarroan, gauez, istripu berean), edo globalizazio estraktibistak, gure gose kontsumista asetzearren, gero eta modu basago eta azkarragoan agortzea Lurra eta erailtzea jendea (Kongoko meatzetan umeak lanean), edo gure hirian 300 bat pertsona bizitzea gauez lo toki segururik ez duena. Gaur egungo mundua antolatu ziguten predikari haien ondorengoek etorkizun distopikoak heldu direla sinetsarazi nahi digute egunotan, eta hondamendirako eta gerrarako prestatzea dela konponbide bakarra. Berriz ere teknologiak gaitu salbatuko, armagintzakoa eta militarra oraingoan. Gerraren eta etorkizunaren beldur nahi gaituzte otzanago onar ditzagun haien aginduak eta ardura ez gaitezen batzuen lanaldi ezinezkoez, lan-istripu gero eta sarriagoez, meatzetan edo zabortegietan lan egiten duten haurrez, edo gure hirietan kalean lo egin beharra duten pertsonez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!