Zer pentsatua ematen didaten eguneroko kontu txiki itxuraz garrantzi gabeak idatziz jasotzen ditut batzuetan. Honatx azken asteotan bildutakoen lagin txiki bat:
Gure lagun irakasle batek 9-10 urteko ikasleei inude eta artzainen mozorroak proposatu dizkie aurten inauterietarako, Berako moldean. Mutilen matxinada etorri da berehala: ez dituztela inolaz ere nesken arropak jantziko, iraingarria dela. Irakasleak haurrekin gaia lantzea erabaki du eta ertz askori heldu diete elkarrekin. Mutilek gaur inude arropak jantziko dituzte, pozik jantzi ere. Eskola bereko irakasle batzuek ez dute ulertu gure lagun irakaslearen tema: “Zer nezesidadea!” esan diote.
Gure inguruko nerabe baten gelako mutil batzuk oso zakar eta erasokor aritu dira kirol saio batean. Neska batek tutoreari ohartarazi dio. Irakaslearen erantzuna: tira, badakizu, mutilak dira eta. Tutorea emakumezkoa da.
Gazte batek kontatu dit irakasleak lan bat aurkezteko bi aukera eman diela: idatziz, berari emanda, edo ahoz, ikaskideen aurrean. Mutil guztiek ahozko azalpena aukeratu dute. Neska aunitzek irakasleari idatziz ematea hobetsi dute.
Emakumeek euskaraz sortutako literatura irakurtzeko talde batera batu nintzen aurrekoan. 20 bat irakurle bildu ginen, eta Alberdiren Hetero izan genuen hizpide. Gizonik ez gure artean.
Bihar zortzi, martxoak zortzi.