Nork nori zer

Iazko udaberrian, euskarari loturiko hainbat gairi buruzko inkesta bat egin zidaten telefonoz. Galdetegiari erantzun ahala, argi gelditu zitzaidan inkesta-egileen irudikoz, euskaldunon hizkuntza-eskubideak arazo iturri direla, galderak honelakoxeak baitziren: ea egokia iruditzen zitzaidan lanpostu publiko batzuetarako euskara eskatzea, ea egoki irudituko litzaidakeen euskara irakasgaia nahitaezkoa izatea eskoletan, ea uste nuen euskaldunok pribilegioak genituela, ea iruditzen zitzaidan euskaldunok gure hizkuntza-komunitatea bakartzen dugula, eta erdaldunei mugak jartzen. Ez zidaten, ordea, galdetu ea egokia iruditzen zitzaidan lanpostu guztietarako derrigorrezkoa izatea gaztelania jakin beharra edo gaztelania irakasgaia nahitaezkoa izatea eskoletan, edo ea uste nuen erdaldunak talde pribilegiatua direla eta euskaldunei mugak jartzen dizkigutela.

Iazko udazkenean, proposamen bat helarazi zidaten Nafarroako mendialdeko herri bateko elkarte batekoek: EITBk haiek eraberritutako jai baten berri eman nahi zuen telebistan, eta elkartekoek grabaketan parte hartzeko proposatu zidaten. Handik gutxira, mezua mugikorrean: EITBkoek espainolez mintzatu beharko zutela esan zieten elkartekoei, haiek ezetz, euskaraz aritu nahi zutela; EITBk bertan behera utzi zuen grabaketa. Tamalez, badakigu ez dela kasu bakarra. Adiskide bati antzekoa gertatu zaio berriki. 

Aurtengo neguan, Trumpek Etxe Zuriko espainolezko webgunea eta sare sozialak itxi ditu.  Cervantes Institutuko zuzendariak iraingarritzat jo du erabakia. Eta ados nagoela pentsatu dut, Trumpek erabaki horrekin bere herrialdeko herritarren zati handi bat umiliatu nahi izan duela pentsatu dut, irri murritza ezpainetan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!