Adiskide irakasle batek larriturik kontatu zigun iaz aurpegiko azala ongi zaintzea zela bere eskolako 8 urteko neskatila batzuen eguneroko zeregin nagusietako bat: influencer batzuen aholkuei jarraituz hartua zuten ohitura hori eta, hala, hainbat produktu erabiltzen zituzten, zimurren kontrakoak ere bai. 8 urteko neskatilak...
Orduan ez zitzaigun inolaz ere bururatu ohitura hori hain hedatua zegoenik, baina azken egunotan Klik belaunaldia dokumental-sortaren lehen bi atalak ikusi ditugu etxean. Ez zaigu batere samurra egin. Gazteen artean lasaigarrien eta antidepresiboen merkatu beltzak gora egin duela ikasi dugu, eta botox jartzearekin amesten duten neska txikien kopurua ez dela inolaz ere txikia, eta aurpegiko azala zaintzearen zaintzeaz dermatitisa eta erredurak agertzen hasi zaizkiela neskatiko batzuei. Haur eta gazteen artean nork bere burua zauritzeko joera ikaragarri handitu dela ere ikasi dugu, eta sare sozialetan badirela autolesioak hobeki eta trebeago egiten ikasteko tutorialak...
Latza izan da dokumental horiek ikustea, baina ezin diogu errealitate horri bizkarra eman. Serio pentsatzen hasi behar dugu zer neurri politiko eta sozial behar ditugun pantailak eta sare sozialak ume eta gazteengan izaten ari diren eragin kaltegarriak mugatzeko: ezin ditugu hain babesgabe utzi.