Hobe ixilik!

Ixilik. Halaxe nahi gaitu eskuin espainiazaleak zenbait gai politikotan, ixilik eta kikilduak, beretako gorde nahi baitute askatasunaren izenean zalapartaka aritzeko eskubidea. Zorionez badugu jende ausarta inguruan, etorriko zaizkien ondorio gaiztoen jakitun izan arren, giza eskubideen alde ozen eta agerian mintzo direnak. Itziar Ituño eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx, horretan ere erreferente, eredu. Eta horrexegatik, biak jazarriak orain. Gainera, Porrotx ikerketapean jarri dute, eta Ituñori eten egin diote bi enpresarekin hitzarturiko hartu-emana.
Egia esan, enpresa horien erantzuna ez zait harritzekoa iruditu: haien erabakiak bat datoz eskuin espainiazaleak ezarri nahi duen joko-zelai ideologikoarekin, eta badakigu zelai horretan goxo bizi direla “inolako ideologiarekin  bat egiten ez dutenak”. Kezkatzekoa iruditzen zait, ordea, susmatzea erakunde demokratiko euskaltzale batzuek ere tentazioa izan dezaketela eskuinari bere joko-arauak ezartzen uzteko eta, hartara, nahiago izatea, aukeran, bi artista horiek ez kontratatzea. Bada, joka dezagun kontrara: goza dezagun haien emanaldiez.  Horietako bat gomendatu nahi dizuet, komedia dibertigarri bat, Ramon Agirrek egokitu duena eta Itziar Ituñorekin batera antzezten duena: Hobe ixilik!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!