Ez dakit hala den, ez dakit Palestinako sarraskia geldiarazterik dugun, baina sinetsita nago saiatzea merezi duela. Eta saiatze horretan gakoa dela zer esan, nola esan, nondik esan, nondik hasi…
“Europa da gure planetari gertatu zaion gauzarik makurrena”, hala esan zuen zientzia-dibulgatzaile batek berriki Iruñean. Ez zen Palestinaz ari, Europaren inperialismoaz ari zen, eta kolonialismoaren ajeez, eta oraingo eredu neokolonialek eragiten dituzten triskantzez. Ez zen Palestinaz ari, baina esaldi hori eta hausnarketa horiek behar ditugu oraingo masakreez eta lur arpilatzeez mintzatzeko, urriaren 7ko hilketek ez baitzituzten egin xirmi-xarmaz agerturiko estralurtar ero batzuek.
Europaren antisemitismoa ere behar dugu mahaigaineratu: beldurgarria da nola bihurtu den iraganeko erruduntasuna gaurko sionismo hiltzailearen akuilu. Beldurgarria da iraganaren erabilera doilorra. Beldurgarria, Mauleko udaletxetik palestinako bandera kenduarazi izana.
Ez dakit gure esku dagoen sarraskia gelditzea, baina saiatu ezean zibilizazioen talkaren kontakizun inperialista nagusituko da, denon kalte, eta historiak ez gaitu errugabetuko, eta geure buruek ere ez.