Ideologiak

Askok uste dute ez zaiela seme-alabei politikaz mintzatu behar, ez ditugula ideologizatu behar. Nik, ordea, uste dut gure gizartea ulertzeko tresnak erakusten dizkiegula beti, nahita edo nahi gabe, eta tresna horiek inoiz ez direla neutralak. Horregatik, alabari gure errealitatea ulertzeko erabiltzen ditudan tresnei buruz mintzatzen natzaio; susmoa dut, beraz, ideologizatu egiten dudala.

 

Alabak, 14 urtekoa bera, lagun baten lagun baten bidez, mutiko bat ezagutu zuen udan, jator askoa, eta alaia. Bada, mutil jator horrek Vox zalea dela esan zion aurrekoan, eta, alabari korapilo bat egin zitzaion urdailean.

 

Biharamunean, adiskideei esan zien ez zekiela mutil voxzale horrekin elkartzen segitu nahi duen, eta, hara non, sekulako kalapita piztu zuen, adiskideek uste baitute txotxolokeria dela norbaiten lagun izan nahi ez izatea eskuin mutur francozalearen jarraitzailea izateagatik; eta adibide bat paratu zioten: gauza bera bide da norbait gustuko ez izatea voxekoa delako eta norbait gustuko ez izatea gureak ez bezalako kamisetak janzten dituelako.

 

Alaba txunditurik gelditu zen lagunen argudio hori entzunik, eta haserre etxeratu zen ez zuelako ongi asmatu lagunei azaltzen zergatik ez zaizkion maila eta munta berekoak iruditzen ideologia arloko desberdintasunak eta kamisetei buruzkoak. Ez du oraindik tresna nahikorik berak urdailean garbi sumatzen duen hori txukun azaltzeko, baina, zorionez, badaki ez dela gauza bera. Ni, badaezpada ere, soziolinguistikaz ere mintzatzen natzaio, uler dezan euskararen ajea ez datzala euskal aditzen zailtasunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!