Kotxean doblatuta daramagun txaleko horia ikur bihurtu da ipar Euskal Herrian eta estatu frantsesean. Argazki indartsuak iritsi dira azken asteetan, Paris eta Bordeleko manifestazioetako irudiak adibidez, txaleko horiak, negarra eragiten duen gas grisaren artean. Txaleko horiak poliziaren beltzaren aurrean. Koloreen arteko talka horrek ere zifra ikaragarriak utzi ditu oraingoz; zazpi hildako eta ehundaka zauritu.
Gaur, Bordelen poliziak botatako granada baten eztandaren ondorioz eskua galdu zuen Baionako gaztearen argazkia ikusi dut, eta Berri Txarrak-en azken kontzertuko sarrerak erosteko saiakera estresantearen ondorioarengatik seguruenik, hau etorri zait burura; "denak ez du balio".