Futbola Sadarren

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo

Egun on: 

NUPera joan nintzen aurreko ostegunean, ohi bezala, arratsaldeko zazpietan eskola ematera, autoz. Aulategiko parking-era iristean kaos galanta aurkitu nuen, toki guztiak hartuta egoteaz aparte, auto-metaketak ere bazeudelako, jendea tokiren bat libratuko ote zen esperantzan bila zebilelako. Autoak edozein tokitan utzita zeuden, espaloi gainean, elbarrientzat propio gordetzen diren horietan, edozein bazterretan. Hasieran harrituta nengoen, zer ote zen, baina berehala ikusi nuen Osasunaren bufandadun jendea, jai-giroan, batzuk garagardoa eskutan zutela ere, eta jabetu nintzen: a, bale, partidua dago Sadarren. 

Udaltzainei deitu nien, noski, etor zitezela ordena jartzera, eta isunak, baina ez ziren etorri, ez momentuan berean, ezta hurrengo bi ordu luzeetan ere, eta hantxe jarraitu zuten gaizki aparkatutako autoek, partida bukatuta beren jabeak lasai askoan eta kontent itzuli ziren arte. Pasa den asteko gertakaria da, baina oraindik dabilkit buruan horri buruzko gogoeta, hain nago asaldatuta. 

Errealitatea nola prozesatzen du futbol-zale jende horrek, partida batera joateko edo joateagatik, autoa edozein tokitan aparkatu dezakeela uste izateko? Ospitale batera doan edozeinek halakorik egiten ez badu, arrazoiak mila aldiz ulergarriagoak edukirik ere, zergatik iruditzen zaie futboleroei berena kasu diferentea dela? Zergatik sentitzen dute horretarako zilegitasuna? 

Bada, ez ikusiarena egiten zaiela ongi dakitelako, beste askotan esperimentatu izanen dutenez, ostegunean halako patxadaz jokatzeko.   Horratx, beraz, bigarren gogoeta: zergatik baimentzen zaie jokabide hori? Zergatik horrelako inpunitatea?

Elkarbizitzarako beharrezkoa da arauak egotea, eta hauek denok errespetatzea. Hori da, hain zuzen ere, zentzu onak eta isunen mehatxuak bermatu nahi dutena. Zergatik desaktibatzen zaie agindu hori, futbol partida huts batengatik, futbolzale horiei? 

Bai, asaldatuta nago. Oso. Eta zinez, azalpen bat eskertuko nuke, dagokion autoridadearena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!