SARAko biltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo

Egun on: 
 
Urtero bezala, Sarako Idazleen Biltzarra ospatu zen iragan asteko pazko astelehenez, eta bertaratzeko hautua egin nuen oraingoan. Sarakoa beti izan da azoka atsegina, xumea eta berezia, ez dakit nola esan, duintasun apal baina eder batekikoa,  Ipar Euskal Herriko kulturarako erakustoki moduko bat.
 
Edo hala nuen nik behintzat barneratua. Izan ere, harritu (eta tristetu) egin nau aurtengoan, zenbateraino frantsestua dagoen ikusteak, nola baliatzen duten frantsesek ere beren kultura zabaltzeko, nola den gero eta txikiagoa euskararen presentzia. Ez da kontu berria, egia da, baina bai abiadura handian gertatzen ari dena. 
 
Bazkariaren orduan, hari horretatik tiraka abiatu nuen Lapurdin sortutako bi lagunekiko solasaldia; zein den euskaldungoaren egoera, euskal kontzientziarena, eta ikaratzeko modukoak iruditu zitzaizkidan helarazi zizkidaten datuak. Frantses kolonizazio bortitza gertatzen ari da, eta demografiaren identitatea errotik iraultzen ari da. Egoera oso oso larria da. 
 
Bitartean, autonomia handiagoaren eskakizuna da "han" ere abertzaletasunaren diskurtsoaren oinarria, printzipio ideologikoak hainbeste apalduta, non gureak ala besteenak diren jakitea ere zaila egiten den, hain barkaezinak dira-eta egin diren kontzesio ideologikoak. 
 
Herenegungo itzalaldia dugu hizpide, baina egia esan, nik ez dakit zer gehiago behar dugun euskaldunok, gugan gertatzen ari den itzalketa horretaz behingoz eta serio hizketan hasteko.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!