Eskolan denbora galtzearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo 2025ko mar. 5a, 15:20

Egun on: 

Garrantzitsuagoa da askotan eskolan ikasten den ezkutuko curriculuma, agerikoa den jakintza baino. Horren adibide da nola barneratzen duten ikasleek irakasteko eskolak inposatzen duen erritmo bizia, bizi garen gizarte produktibo honetan  arrakasta deitzen dugun hori lortze aldera. Bada, esparru ezberdinetan mantsotasunaren alde sortutako mugimenduen artean, badago heziketa geldotzearen aldekoa ere, eta horren ondorio da Elogio de la educación lenta liburu interesgarria. Bertan, heziketaren erritmoa mantsotzearen aldeko gomendioak ematen dira, eta hauek dira horietako batzuk:

  1. Egon daitezela eskolan lasai egoteko eta atseden hartzeko tokiak, bai eta denbora ere. Utzi jolasten, irakurtzen edo besterik gabe egoten, trukean ezer eskatu gabe ondoren. 
  2. Gauza bat ikasteak kalitatezko nahikoa denbora galdegiten duenez, eta ezin denez beraz dena erakutsi, lehenetsi garrantzitsuena, eta alde batera utzi gainerakoa. 
  3. Eguneroko errutinak  berrikusi, askok ez dutelako benetako ikasketaren helbururik, disziplinarena baizik, baina handia delako hartzen duten denbora. 
  4. Berrikusi eskolan ematen ditugun aginduak, informeak, eta bestelakoak. Asko direlako geldotasuna penalizatzen dutenak, edo gauza bera dena, abiadura azkarra saritzeko daudenak. Kontuz horrekin.  
  5. Eskola bakoitzaren hasieran eta bukaeran, 5-10 minutuko denbora librea eskaini ikasleei, nahi dutena egiteko, besterik gabe. 

 

Bai, seguru nago. Denbora galduko dugula etorri izanen zaizu burura, baina horixe da hain zuzen helburua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!