Egun on:
Koldo Rabadan irakaslearen Bidean irakurri dut egunotan, eskola eraldaketarako hausnarketen dekalogo gisa formulatutako liburu interesgarria. Hona hemen nire laburpenttoa:
- Eskola aldatzeko, jokatu ausart. Gandhik esaten zuen bezala, desobedientzia delako egokiena, legea bidegabea denean.
- Ilusioz formatu, ikasteko prest dagoenak baizik ezin baitu deus irakatsi.
- Sustatu ikasleekiko elkarlana, beraientzat baino beraiekin lan eginez.
- Eman denbora. Izan ere, ze ederra geldotasuna bilakatzea eskolaren ezaugarri. Iristea baino, aurrera egitea izatea helburu.
- Pazientziaz entzun, asko entzun, horixe da-eta ikasleak benetan ezagutzeko modu bakarra.
- Lehenetsi sormena, jakintza-iturri agortezina baita, iturria irekitzea lortuz gero, bederen.
- Lagundu denei bidea topatzen, ikasle bakoitzak barnean duen altxorra aurki dezan.
- Denak errespetatu, irakasle izateak ez baitzaitu ikasleen gainetik kokatzen.
- Umiltasunez baloratu ikaslea, luzea da-eta zerbait ikasteko dituen aukeren bidea. Eta ez ahaztu Tonuccik zioena: eskola derrigorrezko egiten dugu, dibertigarri edo motibagarri egiten ez dakigulako.
- Eta noski, bilatu zoriontasuna, emozionatzeko gai diren eskolak behar ditugulako, eta zirrara sortzeko gai diren irakasleak.
Mila esker, Koldo!