Erresistentzia, ala asimilazioa

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo 2025ko ots. 12a, 15:25

Egun on: 

 

Hizkuntzak ez dira gaitzesgarriak, guztiak dira-eta ederrak. Baina hemen, espainola baino ez da entzuten edo ikasten dena. Ez da hizkuntza-aniztasuna, espainolaren nagusitasuna baizik.  

Kulturak ez dira gaitzesgarriak, guztiak dira-eta ederrak. Baina hemen, flamenkoa da nagusiki ezagutzen eta--beraz--maite dugun munduko tradizioa. Ez da kultur-aniztasuna, folklore espainolaren laudorioa baizik. 

Jakintza ez dago inoiz sobera, dena da-eta beharrezkoa eta baliagarria. Baina hemen, Espainiakoa da ikasten den Geografia eta Historia. Ez da heziketa hutsa, erreferentzialtasun espainola barneratzeko oinarria baizik.  

Informatuta egotea ez da txarra. Baina hemen, Espainiako albisteak dira gehien iristen zaizkigunak. Ez da informazio hutsa, markoa espainola dela naturalizatzea baizik. 

Aldarrikapen orokor eta unibertsalekin bat egitea ez dago gaizki. Baina hemen, gure aldarrikapen nazionalari uko egiteko aitzakia da. 

Irekitasuna esaten zaio, eta progresismoa. Baina beste trikimailu bat besterik ez da,  konplexuz bizi dezagun erresistentzia egiteko gure berezko keinua, eta erresistentziarik gabe onar dezagun beraz, eta irentsi, gure asimilazioa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!