Egun on:
Ziklo hasiera guztietan bezala, urte berriaren hasmenta honetan ere denak jarri gara asmo berrien xerka, etorkizun laburrean gerta dakigula nahiko genukeenaren diseinu-lanean. "Osasuna, maitasuna, eta askatasuna" klasikoak beti funtzionatzen du, baina orokortasun horretatik areago, gure bizitzaren kalitateari begiratzea komeniko litzateke, ahal izatekotan eta ahal dugun neurrian, hau hobetze aldera.
Butango estatuak zoriontasunari buruz herrikideei egiten dien inkestari buruzko dokumental ederra ikusi berri dut, non pista batzuk ematen diren, zoriontasunerako benetan eragiten duten bizi-aldagaien inguruan. Horien artean, komunitate batean onartua sentitzea dago, sare afektibo batez ongi inguratuta egotea, naturarekiko harremana edukitzea, norbere bizitzarekiko asebete sentitzea, edo noski, kezka handirik ez izatea.
Bizimodua bermatua edukitzea ere oso garrantzitsua da, jakina, baina oharturik horrekin aski dugula, ez duela merezi lorpen profesionalekiko gehiegizko anbiziorik, edo ondasun materialen metaketa ez-deusa. Horretan joaten zaigula askotan, ongi bizitzeko behar dugun denbora.
Bada, 2025 honetarako, horixe nire desio xume handia. Denbora produktibo gutxiago, eta plazerezko bizitza kontenplatibo gehiago. Urte berri on, entzule!