Egun on:
Benitok oholtzak utziko dituela jakinarazi digu, eta denak sentitu gara geroztik pixka bat triste, umezurtz, abandonatuta utzi bagintu bezala. Iruñearrok behintzat, badugu kontsolamendurako arrazoi xumea, gurean eman baitzuen maisu handiak bere azken kontzertu gisa gogoratuko den emanaldia, iazko azaroan. Bere zuzenekoen zirrara azken aldi batez sentitu ahal izatearen ohorea, pena infinituaren aringarri.
Zaila da Benitoren garrantziaz modu abstraktu eta orokorrean aritzea, eta horretarako gainera, aski dira datuak: 60 urteko karrera, zuzeneko jardun etengabea, jada tradizionalak direla kontsideratzen ditugun hamarnaka kanturen egiletza, hainbeste sortzaileren inspirazio-iturri izatea, eta horien guztien aitortza jaso izana.
Ororen gainetik, gutako bakoitzarengan eragiten dituen emozioak dira Benito handi egiten dutenak, eta horiek ezin dira ez orokortu, ez arrazoitu ere. Asko dira Benito eta bere kantuekin jendeak dituen gertakari pertsonalak, denak partikularrak eta errepikaezinak, eta hori da beregan ia azaldu-ezina den ahalmena: hainbeste bihotzengana iristea, hainbesteren erraiak (h)u(n)kitzea, hainbeste arima dantzan ezartzea. Eta hainbeste urtez.
Nik asko zor diot Benitori, hainbeste non esan dezakedan bera ezagutzea izan dela bizitzan gertatu zaidan gauzarik ederrenetako bat, nire bidea gehien markatu dutenetarikoa, dudarik gabe. Hamalau urte baino ez zituen orduko Ane gaztetxoak Gaueko ele ixilen balada entzun eta barnean halako kilika sentitu zuenean.
Mundua deskubritzera ateratzeko nerabe-garaia nuen, eta Benitorengan maisu izan nahi ez zuen maisua topatu nuen, bidea neuk egitearen balioaz ohartarazi zidana, eta norberaren askatasuna zaindu beharra erakutsi. Herriaren maitasuna eta mina ere txertatu zizkidan.
Geroztik, nire barne mundurako elikagaia izan da bere musika, kantu horietan haziz eta garatuz. Musika horretan utzi ditut nire bizitza osoko bizipenak, nire poz eta minak metatuz, nire altxor emozionalen gordeleku bilakatzeraino. Benitoren musika nire bizitzaren atmosfera da, Ane loratu egiten den armonia, nire etxe afektibo sonoroa.
Benito, gure emozioen alkimista hori. Eskerrona baino ez, sentiarazi didazun guztiagatik!