Egun on:
Badira gauza batzuk ezin direnak bozka bidez erabaki, ezin direlako gehiengo-gutxiengo jokoaren arabera onartuak edo gaitzetsiak izan. Zer irudituko litzaizueke, adibidez, herri bateko festetan emakumeon parte-hartzea bozka bidez erabaki behar dela esango balitzaigu? Ez, erabaki batzuk ez dira zilegi, eta kito, gehiengoaren babesa edukiko balute ere.
Oinarrizkoak diren giza-eskubideez ari naiz, bai, eta horien inguruan ezin da ezer "bozkatu", eskubide hori errespetatzea ala urratzea erabaki daitekeen zerbait dela aitortzea bezalakoa litzatekeelako, eta eskubide baten urraketa ezin da inoiz, bistan denez, aukera baten gisan planteatu.
Herri batek bere lurraldean libre bizitzeko duen eskubidea funtsezko horietako bat baldin bada, eta denetan lehena, zer gertatzen da nazio bati konkista-delituz eskubide hori urratua zaionean? erreferendum baten bidez erabaki behar ote da nazio horrek bere independentzia berreskuratu beharko lukeen ala ez?...
Ez. Zapalkuntza zuritzea litzateke, konkista baten efektu demografikoa eta kolonizatzaileari ez-ikusia egitea, eskubide urraketa bat egon dela ukatzea, mendeko jarraitzearen aukerari label demokratikoa aitortzea. Zentzugabea, baina bueno, askatasuna bozkatu egin daitekeela pentsatzea bezainbeste.