DNI euskaraz?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo 2024ko aza. 6a, 15:49

Egun on: 
 
Nafarroan DNIa euskaraz izatea eskatu egin dela irakurri nuen larunbat goizean, eta fake news horietako bat zela pentsatu nuen lehen kolpean, ezin bainuen sinetsi euskaldunok egindako eskaera izan zitekeenik, hain egin zitzaidan harrigarria. 
 
DNIa ez da identitatea akreditatzeko dugun agiri neutroa, inposatua zaigun nazionalizate espainolaren froga baizik, eta bide batez esanda, diktadore famatu batek sortutakoa. Zergatik nahi dugu hori euskaraz emana izatea? Euskalduntasunaren agiri bilakatua izango dela uste ote dugu? Horrela propioago sentituko dugula?
 
Bada, begira zer arriskutsua den horrek atzetik erakusten duena: euskararen bernizarekin emana izate hutsagatik, espainoltasuna geureago sentitu ahalko dugula, eta hori al da benetan nahi duguna? Dokumentu madarikatuak segituko du gure nazio ukamena gorpuzten, baina kamuflatuta, gure erresistentzia-gaitasuna apalduz, edo desaktibatuz. 
 
Nik, Espainiako aparatu politikoak espainolez funtzionatzen segi dezala nahi dut, ez dadin lauso gelditu nor den nor, edo zer den zer. Bestela, zer izango da hurrengoa? Espainiako poliziek euskaraz egin diezagutela eskatzea?...
 
Beren menpe jarraitzea, baina euskaraz. Ados, hori zen orduan kontua...
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!