Egun on.
Hispanitatea ospatu berri da urriaren 12an, eta gurera ere iritsi dira, noski, data horren oihartzunak. Espainolen eskutik, goardia zibilaren desfile bat egin dutelako, eta geure aldetik, inposatua zaigun nazionalitate horren kontra erreakzioak izan direlako, adierazpenak, manifestaldiak. Pixka bat betikoa.
Espainoltasunaren erakustaldiek gugan amorrua eragitea eta erreakzionatu nahi izatea oso ulergarria da. Baina nago gutxietsi egiten dugula indiferentziaren balioa, horrelakoak gurekin ez doazela erakusteko daukagun modu erraz, duin eta batere kosturik gabeko hori.
Gainera, data seinalatuen kontra egiten dugu, baina hortik aurrera, oso erresistentzia-jarrera eskasa somatzen zaio herri honi espainoltasunaren aurrean, eguneroko erabakietatik hasita, politika goreneko funtzionamenduraino. Eta barkatu, baina sinesgarriak izango bagara, espainola den aparatu politiko-ideologiko guztiari beharko genioke boikota egin, zilegitasunik ez aitortuz, eta gure asimilazio propioari etena jarriz.
Gaur, euskaldunok baizik lan egiten ez dugun nire lantokira iritsi eta gabonetako loteria espainol nazionala erosteko gonbitea neukan nire kutxatilan. Tira, urriaren 16 dela izango da, eta pasa egin dela euskaldun ofenditu gisa agertzeko data seinalatua.