Animalia erritualak omen gara. Iratzargailuak jotzen duenetik eta maindireen besarkadara berriz biltzen garen arte erritualak sortu, aldatu, antzeztu, sinistu, sentitu, bizitzen ohi ditugu.
Diotenez, errituala ekintza sinboliko eraginkorra da, lengoai efikaza, esperientzia pertsonala transformatuta mundua itxuraldatzen duena.
Errepertorioa ez da nolanahikoa, gainera. Badira norberak gorputzaren bazter intimoenetan gordetzen dituen erritualak, eta komunitatearen antzeztoki zabaletan ematen direnak ere. Badira agurrak eta irainak. Dantza urratsak eta sexu praktikak. Badira inauteriak eta hauteskundeak. Pilota partidak eta rock kontzertuak. Badira Bertso finalak eta hasierak. Euskaraldiak eta Korrikak. Denak erritual. Denak norberarenak eta kolektiboarenak aldi berean.
Larunbatetik aurrera eta 15 egunez, saia gaitezen euskararen erritualak sortzen, aldatzen, antzezten, sinisten, sentitzen eta bizitzen.