Egin kontu

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sagardoi 2020ko urr. 20a, 15:30

Ruperren diskak merendatzen ibili naiz asteburuan. “Hamar t’erdietan” zuzenekoa da nire kuttunetakoa. Hasteko, Bilboko Kafe Antzokiaren txaloak eta akorde segida. Jarraian, Ruperren ahots diferentea altabozetan: Egin kontu, bost mila zazpiehun kultura desberdin desagertu dira historian. 

Irailaren 2an joan zitzaigun David Graeber antropologo eta aktibista anarkista handia. Gauza inposiblea litzateke berak eginak eta emanak lerro eskasetara ekartzea. Hazi bakarrekin ase beharko. Graeberrek hormak botatzeko gonbitea egiten du bere “Antropologia Anarkistaren pusketak” liburu ezagunean. Bere iduriz, uste harroputz eta kaskarina da gure aurretik existitu eta egun existitzen diren pertsonen %98arekin komunean ezer ez daukagula iriztea. Izan ere, hobe genuke begirada zabaldu eta inguruko esperientzia eta metatutako jakintzak geureganatzea. 

Ezinegonaren, kolapsoaren garai honetan ez da aholku merkea. 

Ez baita egoki egunak ematea zilborrari begira, munduan zentroa bagina. Ez baita ahaztu behar bost mila kultura desagertu horiek ezin direla okerturik egon. Ruperrek errana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!