Korrikalariak borrokan

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Kañamares 2024ko ots. 7a, 13:07

Duela 2 aste 300 kirolarik baino gehiagok gutun bat helarazi genion Nafarroako Atletismo Federazioari. Helburua argia zen: America 66 Erregimentuak antolaturiko San Cristobal Xtrem lasterketa NavarTrail Kopatik kentzea.

Federazioaren ezezkoaren ostean, gutuna publiko egin genuen oihartzun mediatikoaren eta presio sozialaren bidez alda zezaten lortzeko. Federazioak ordea, bere horretan jarraitu du eta honakoak dira ezezkoa justifikatzeko ematen dituzten arrazoiak: 

Federazioa ideologikoki neutrala omen da. Hortaz, ez da bidezkoa inor arrazoi ideologiko edota politikoengatik kanpoan uztea.
Kirolaren legeak eta Nafar Gobernuak ez liokete aldaketa hori egiten utziko, nahi izanda ere. Arrazoi juridikoa, beraz.

Militarren lasterketa bat kopan sartu dutenek kirola eta politika nahastea leporatu digute. Sinestezina. Neutraltasunaren falazia agerikoa da eta haren apologia egiten dutenak izaten dira  hain justu, politikoenak. Bi adibide jarriko ditut: nork baimendu du urteurreneko logotik euskara kentzea? Nork zentsuratu du koroarik gabeko Nafarroako banderarekin ateratako argazkia, gizonezko absolutuen taldeak  Espainiako Kross Txapelketan atera zuena? 

Bestalde, legearekin egin dugu topo. Askotan esana da, legea armiarma sarea bezalakoa dela. Txikia trabatua geratzen da, baina handiak aise apurtzen du. Ez genuen espero, jakina, Federazioaren arautegiak militarrak kanpoan utziko zituen klausula bat edukitzea. Kontrara, erabakia hartu bazuten, jakitun ginen berme legalekin egingo zutela . 

Garrantzitsua da,ordea, bereiztea zer den zilegi eta zer den legala. Legala izango da bai, baina nire ustez behintzat, ez da zilegi, eta horrexegatik abiatu dugu protesta.

Eta orain zer? Bada afera zabaltzen jarraitu, lasterketari boikota egin, eta horrelako egoeren aurrean antolatu, hori baita kirolariok dugun tresnarik eraginkorrena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!