Asko hitz egin da azken hilabeteetan Podemos eta Sumarren arteko liskarraz, baina azaleko xextraz harago, ezker deituriko horren sakoneko krisiak sorturiko abaguneaz gogoeta egin nahiko nuke gaurkoan. Izan ere, gudu zelai elektoralaren fartsatik at belaunaldi hausturaren zantzuak antzeman daitezke azken hilabeteetako zenbait gertakaritan.
Gazte belaunaldi geroz eta zabalago batek, probetzearen zamaz eta promesa faltsuez nazkatuta, egitura politiko zaharrekin apurtu eta modu independentean antolatzeko hautua egin du.
Gurean, belaunaldi haustura horrek Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren forma hartu du. Interesgarria da, ordea, ikustea krisiaren hazi horrek berak mugimendu berriak nola ernaldu dituen. Koiuntura eta idiosinkrasia espezifikoez haratago, sustratua bera da espainiar estatuko eta Europako gainontzeko herrialdeetan ere, eta brote berdeak ikus ditzakegu.
PCEren gazte antolakundearen gehiengoak, esaterako, alderdi burokratarekin apurtzea erabaki du eta Mugimendu Sozialistara batzeko hautua egin du. Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Gaztelan zein Europako beste zenbait txokotan ikusten ari garen pausoek norabide argia dute: langile klasearentzat berriz ere erreferente izango diren alderdi komunista handiak eraikitzea. Erronka itzela da, eta pauso txiki horiek umiltasunez bai, baina baikortasunez hartu behar ditugu. Noraino iritsiko diren ezin jakin, baina bidea ireki da, eta garai hauetan esperantzarako argi printza dakar berekin.