Udaberrian hasi ziren GKSko kideak Topagune Sozialista prestatzen eta hilabeteetako lan militantea eta inbertsio ekonomikoa egin ostean, EH Bildu-Sortu tandemak maniobra burokratikoaren bidez hura blokeatzea erabaki du. Arrazoi teknikoetan oinarrituta, aurretik ahoz emandako baimenak ukatu ditu, baina, hemen, beto politiko kontzientea da funtsean dagoena.
UPN=BILDU zioen pintada bat agertu zen Txantrean eta hautsak harrotu zituen sare sozialetan. Gorrotagarriak dira konparazioak, baina ilustragarria izan da oso, era berean, Iruñeko EH Bilduk UPN salatu izana Sanfermin Txikiton baimenak ukatzeagatik. Kasu honetan ere arrazoi teknikoak argudiatuta.
Politikan bakoitzak bere kalkuluak egiten ditu, baina traba burokratikoen bidez belaunaldi haustura oinarri duen mugimendu gazte eta kementsu bat hondoratuko dutela uste badute jai dute. Herria gazte komunisten aurka jarri nahi dute, baina ez dute ulertzen langileria haien boto-emaileek osaturiko ustezko herria baino askoz konplexuagoa dela. Bestalde, argi dago estatu egituretan zenbat eta integratuago, orduan eta oldarkorrago jokatuko duela Bilduk edozein alternatibaren aurka.
Debekuen gainetik Gazte Topagune Sozialistak berme guztiekin aurrera egingo du. Hitzaldiek, mobilizazioek eta eskaintza kulturalak aurrera egingo dute, eta sozialismoaren aldarriak zabaltzen jarraituko du. Aurrera Gazte Topagune Sozialista.