Etxebizitza legeaz

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Kañamares 2023ko api. 26a, 13:08

Ingurukoekin politikaz eztabaidatzen dudanean askotan bi galdera egiten dizkidate. Berdin du gaia zein den, galderak gutxigorabehera hauek izaten dira:

Ezkerrak gauzak gaizki egiten ditu, bai, baina eskuinak gobernatzea baino hobea izango da ezta?
Bai, tira, hori oso zaila da. Baina,  zuek orduan zer proposatzen duzue?

Etxebizitza legea, zigor kodearen erreforma, hauteskundeak, polizia eredua, trantsizio energetikoa, euskarafobia… gaia edozein dela ere, hizketagaiak harri berarekin tupust egiten du beti. Gutxinaka aldatu edo berria eraiki. Funtsean: erreforma ala iraultza. Berdin du zein hitz erabili. Bi mundu ikuskerek talka egiten dute.

Eskuin muturraren edota bizitako garai ilunen mamuak jende askorengan  zama handia duela onartuta ere, kalte txikienaren politikak ezin gaitu itsutu. Eta horrek ez du esan nahi zenbat eta egoera okerragoa orduan eta agertoki hobea denik komunistentzat, inondik inora ere.

Afera ez da neurri bat bere horretan ona edo txarra den. Afera da itsasontzia hondoratzen ari den bitartean, eztabaida gaia txalupen tamaina eta kolorea dela, kontuan hartu gabe ez dagoela denentzako txaluparik. Eta okerrena zera da, itogina tapatzeko ez dagoela inongo proposamenik.

Batzuen proposamena txalupak banatzea da, komunistona zuloa estali eta denentzako tokia egongo den itsasontzia bere onera ekartzea. Txalupak batzuentzako soilik badira, ez da nire barkua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!