Ez da erronka makala bi astean behin minutu eta erdian ganorazko zerbait partekatzea. Koiuntura borborka dago eta hamaika ideia darabiltzat buruan: ikasleen greba eredugarria, Julen Sesmarekin xextra eta pintadak, Txinako Alderdi Komunistaren Kongresuko giltzarri nagusiak, Elon Musk eta Twitter, Europaren desindustrializazioa, aurrekontuak eta gerra ekonomia, Nafarroako pobreziaren azken informea, Iberdrola eta Curenergia, Espartzari ahoa espartzuz garbitzea …
Aspaldi irakurri nuen Argalak bileretan isilik egoteko joera zuela, adi-adi entzun, eta eztabaida baretzean hitza hartzen zuela, aurretik ondo gogoeta egin eta gero. Garrantzitsua iruditu zitzaidan. Izan ere, batzuetan hobe da isilik egon eta tonto itxura ematea, ahora ireki eta zalantzak betiko argitzea baino.
Hitz egiten dugunaren gutxienez doblea entzuten jakin behar genukeela uste zuten sortaldeko jakintsuek, mingain bakarra eta belarri bi ditugulako. Luzamendutan ibili gabe nire gaurko ekarpena. Ez dut motzagoa egiteko astirik izan.
Esan behar duzuna isiltasuna baino hobea ez bada… ez ezazu esan.