Berriz ere etxebizitzaren inguruan mintzatzera natorkizue. Ze aspergarria, esango du baten batek, azken boladan guztion ahotan egon den hitza entzunda. Hain zuzen horregatik, zaila da, ez etxebizitzari buruz hitz egitea, baina bai zerbait esatea. Ni bi gakorekin ahaleginduko naiz.
Moda guztiak iragankorrak diren modu berean, baliteke bihar etxebizitza foku mediatikotik kanpo gelditzea. Edo, kirolari nekatuen gisan, aulkian esertzea, bere txanda berriro noiz iritsiko zain. Eta orduan ere, arazoa hor egongo da, hari buruz mintzatu ala ez. Horra, nire ustez, gakoetako bat: etxebizitzaren arazoa ez dadin agenda politikotik desagertu, ezinbestekoa da arazo honen aurkako borroka iraunkorra eta hedakorra izatea. Ez dadila, finean, interes elektoralista, mediatiko edo ekonomikoen menpekoa izan. Mari Carmenen kasu sonatuaren aurretik ere etxegabetzeak eguneroko ogia izan dira. Euskal Herrian, 8 orduro etxegabetze 1 exekutatzen dute. Etxebizitza sindikatuen jardunari esker ez balitz, bake sozialaren basamortuan lurperatuta egongo litzatekeen errealitatea.
Eta bigarren gakoa: zer galderatik haratago joan eta nola egin pentsatu behar dugu. Historiak erakutsi digu klase zapalduek, ongi antolatuta eta indartsu daudenean, klase zapaltzaileengan eragiten duten beldurra dela aldaketa anbiziotsuak erdiesteko bermerik onena. Arrazoi horrengatik, iragan asteko greba eguna bera baino, grebaren prestakuntzan egindako kontzientziazio eta parte hartze lanak zeharo baliotsuak dira. Langileriaren antolakuntza independentea baita giltzarria.