ZERTARAKO DA ESKUBIDEA, BIDERIK EZ BADAGO

Erabiltzailearen aurpegia Iker Narbona Beitia

Bizitzaren garestitzeak eta bere ondorioek mobilizazio jendetsuak eragin dituzte azken asteotan mundu osoan. Hego Euskal Herrian, haserre sozial honek hartu duen forma zehatza etxebizitzaren aldeko mobilizazioena izan da, espainiar estatu mailako egoerak bultzatuta. Etxebizitzari buruz hitz egitea, azken batean, soldatari eta langile klasearen bizi baldintzei buruz hitz egitea baita.

Testuinguru honetan, hauteskundeen aurreko giroak tranpa arriskutsua jarri digu muturren aurrean: ustezko etxebizitza eskubide abstraktu batena, alde bateko zein besteko politikariek bolo-bolo darabiltena. "Zertarako da eskubidea, biderik ez badago", kantatzen zuen Baldin Bada musika taldeak. Oinarrizko behar bat eskubide izateak, teorian, mundu guztiarentzat bermatuta egotea esan nahi du. Gizarte eredu kapitalistak, ordea, eskubideen aitortza formala besterik ez digu eskaintzen, eskubide horien gauzapen errealerako baldintzak oztopatu bitartean. Ezinezkoa baita etxebizitza eskubidea bermatzea etxebizitza negozioa den bitartean.

Horregatik, bide bat ireki behar dugu eskubidea benetan eskubide izan dadin. Sistema kapitalistaren gaindipenerako bidea, gauzen egungo egoera errotik aldatzeko eraldaketa sakonak proposatuko dituena, eta ez egoera nolabait leuntzeko adabaki soilak. Bide hori irekitzera datoz Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak azaroaren 11ko greba orokorrerako plazaratu dituzten hiru aldarri nagusiak: espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren deuseztatzea eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea.

Har ditzagun kaleak, etxeak ere gure esku egon daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!