Atzo aurkeztu zuten Erriberriko Antzerki Jaialdiaren aurtengo programazioa, 4. Edizioa Ane Pikaza eta Maria Goirizelaiaren zuzendaritza artistikopean. Nabarmenak izan dira 4 urte hauetan beraien proiektu artistikoaren ildo berriak eta aipagarria euskarak eta euskal kulturak ere tokitxo bat hartu dutela bertan. “Tokitxo” diot, oran arte euskarazko programazioa egon denean ez delako eszenatoki nagusian programatu. Baina atzo aurkezpenean aipatu zuten aurten izango dugula estreinakoz lan bat euskaraz Erriberriko “Cava” eszenatoki nagusian, Hika Teatroa konpainiaren “Zorretan” lana hain zuzen eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Javier Barandiaran taula gainean.
Dena den, ez da hau euskara eta euskal kulturatik gertu izango dugun jarduera edo emanaldi bakarra. Besteak beste, Harreman konpainiak Euskal Dantza eta Antzerkia nahastuko ditu “Enborrak” lanean eta musikaren alorrean Gorka Urbizuren kontzertu intimoa, bakarka, formato akustikoan. Bi jarduera hauek Erriberriko Errege-Erreginen jauregian eskainiko dira eta sarrera doan izango da aurretik gonbidapenak hartuta. Emanaldi hauek beteko dira, seguruenik. Bereziki Gorka Urbizurena. Baina zer moduzkoa izango da euskal audientziaren erantzuna “Zorretan”antzezlanari dagokionez? Polita izango litzateke eszenatoki nagusian urtero lan bat behintzat euskara hutsean gozatzeko aukera hau ohitura bihurtzea. Beraz, Uztailaren 24an, bete dezagun Erriberriko “Cava”.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!