Martxoaren 14an Netflix plataformak “The Electric State” zientzia fikziozko Russo anaien azken filma estreinatuko du. Estatu mailan sekulako kanpaina egin diote, izan ere bi protagonista nagusiak Millie Bobby Brown eta Chris Pratt Madrilen izan dira promozioa barra-barra egiten.
Ez da nire asmoa ez pelikulari ezta plataformari berari ere publizitatea egitea hemen baina kontua da oraingo honetan filma euskaraz ere helduko dela “Egoera Elektrikoa” izenarekin. Netflix Euskaraz egitasmoaren sareetan horren berri eman zuten duela egun gutxi batzuk, eta estreinatu baino lehen beste nonbait ere zabalduko dela pentsatu nahi dut, baina … ikusiko al da pelikula euskaraz?
Punta-puntako ikus-entzunezko produktu bat euskaratzeko eskaerak hainbatean egin izan dira; ETBri zein Eusko Jaurlaritzari Zinema Euskaraz programaren bitartez, adibidez, baina animaziozko salbuespen batzuk alde batera utzita , orokorrean, alferrik. Azkenaldian plataforma batzuetan halako fikziozko blockbusterrak euskaraz ikusteko aukera eskaintzen hasi zaigu. Ez dakiguna da ikusle datuak lagun izan diren, eta ziur naiz horrek eragin handia izan dezakeela plataformen etorkizunera begirako erabakietan euskararekiko.