Animedon Donostiako Anime Topaketa antolatu da, eta horren baitan egun bat eskaini diote “Dragoi Bola” telesail ospetsuari.
35 urte pasa dira ETB1 Dagoi Bola telesaila ematen hasi zenetik eta aitzakia horrekin omenaldia egin zaie garai hartako bikoizketan parte hartu zuten hainbat profesionalei. “Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa” titulupean burutu zen ekitaldia pasa den urriaren 20an Donostiako Antzoki Zaharrean, EITBren babesarekin.
Honen berri izan nuen aurreko asteetan gure Euskalerria Irratiko goizeko tertulian ekitaldi honen inguruan mintzatu zirelako. Bertan, besteak beste, telesailak euskal herritarrongan izan zuen eragina gogoratu zuten eta “Ari ari ari Eskudero Teknikari”-k kontatzen zigun nola ikastolako patioan Dragoi Bolan jolasten ziren telesailaren pertsonaiak erabiltzen zuten hitanoa imitatzen.
Aste horretan bertan, Euskadi Irratiko beste saio batean, Aritz Trueba marrazkilari egindako elkarrizketa batean entzun nion “Dragoi Bola”-ri esker dela marrazkilari.
Bi adibide besterik ez dira baina 80. hamarkadan hazitakoen artean inkesta egingo bagenu askoz gehiago izango ziren seguru.
Ai erreferenteak! Zeinen garrantzitsuak izan diren euskarazko erreferenteak Musikan, literaturan, antzerkian, irratian, bizitzan orokorrean eta baita telebistan ere gutako askorentzat. Eta zeinen garrantzitsuak izan daitezkeen oraindik ere datozen belaunaldientzat, egungo agintariek gidoia aldatzeko bidea hartzen badute behintzat.