Euskara eta eraldaketa soziala

Erabiltzailearen aurpegia Idurre Eskisabel 2026ko maiatzaren 20a

Badira termino batzuk erabiliaren erabiliaz zehaztasuna ez ezik esanahia bera ere galtzen dutenak. Denerako balio duten fetitxeak bihurtzen dira, eta ondorioz, deus esaten ez dutenak. Uste dut eraldaketa sozial terminoak baduela horren arriskua, bereziki botere guneetatik datorrenean, Lampedusaren ‘Gattopardo’-n bezala, dena aldatzen delakoan ezertxo ere ez aldatzeko luzamendu kontzeptua bihurtu ote den…

Euskararen normalizazioa eraldaketa sozialeko prozesua dela esaten dudanean halako zerbait gertatzen delakoan nago: inork gutxik egiten dit kontra, baina, esango nuke, askotxo direla terminoaren dimentsio osoari ihes egiten diotenak. Izan ere, eraldaketa sozialak esan nahi du gizarte egituren, botere harremanen, aldaketa sakona behar dela egoera justuago bat erdiesteko. Beraz, euskararen normalizazioari dagokionean hizkuntza hegemonikoek -gaztelerak eta frantsesak- eta haien nagusitasunari eusten dioten gorputz soziopolitikoek metatuta duten boterearen zati bat askatu behar dutela euskarari eta euskal hiztun komunitateari etorkizuna bermatzeko ez ezik, gizarte justu eta demokratikoago bat osatzeko. Beste era batera esanda, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzeko.

Hain zuzen ere, horrexegatik elkartuko gara ekainaren 13an Iruñean Euskaltzaleen Martxan, euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzeko, justizia sozialean aurrerapauso bat egiteko, euskarari etorkizuna emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!